Euskahalduntze tailerrak

Hizkuntza eta generoaren arteko gurutzaketak

Teknologien eta globalizazioaren ondorioz, kultur arteko elkarreraginak asko areagotu dira. Gazteen bizitzeko eta harremanak eraikitzeko moduak, gizartean parte hartzeko edo eragiteko erak asko aldatu dira azken hamarkadetan. Honi guztiari lotuta, hizkuntzen papera, hauek erabiltzeko moduak eta hizkuntzei lotzen dizkiegun irudikapenak aldatzen ari dira etengabe. Zeren arabera hautatzen dugu hizkuntza bat ala bestea erabiltzea? Zein eremutan erabiltzen dugu bata ala bestea? Zergatik? Gazteen euskararen erabilera datuek kezkatzen gaituzte, baita euskararekiko duten atxikimenduak ere. Tailer honetan kontzientzia hartzeko tresna bat eskaini nahi dugu, ikuspegi soziolinguistan oinarrituz eta feminismoaren ekarpenak aintzat hartuz, euskararen errealitate soziala ulertu eta erabileran eragiteko asmoz.

Helburuak

Teoria feministak oinarri dituen tailerra da honakoa.

Hizkuntza eta generoaren arteko gurutzaketak ezagutzea; hizkuntza hautuek genero eraikuntzarekin duten harremanaz hausnartzea eta; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duten sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla ikusaraztea du helburu tailerrak. Euskara eta generoa ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, menderakuntza prozesuen parte izaki, ahalduntzeko edo boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa ahalduntzeko bide direla sinisten dugu.
Bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzatzen diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak zein esparru zabaltzen duten mahai gainean jartzea da “euskahalduntze tailerraren” asmoa. Bizi dugun kontestu sozialean garrantzi berezia duten gaiak diren heinean, gaurkotasunez landuko dira, gertuko adibideak eskainiz eta gazteen ikuspegia bermatuz.

Hartzaileak

- Gazteak
- Hezitzaileak
- Irakasleak
- Gurasoak
- Euskara eta feminismoaren inguruan jakinmina duen oro

Edukiak

Dinamika parte hartzaile eta azalpen laburren bitartez hausnarketa indibidual zein kolektiboak eragitea da asmoa. 2 saioko tailerrak dira, alde teorikoa eta praktikoa banatuz.  Ondoko gaiak lantzen dira:

  • Zapalkuntza. Euskararen debekua mendez mende
  • Euskararen inguruko diskurtso berriak.
  • Hizkuntza erabilerak. 
  • Euskara eta feminismoaren elkarguneak. 

Aurrekontua

Aurrekontu pertsonalizatua dugu, saioen eta talde kopuruen arabera. Interesa edukiz gero, bidali email bat zerbitzuak@bagera.eus - era.